Melodifestivalen | |
---|---|
Mota | Abesti lehiaketa |
Sorrera | 1959ko urtarrilaren 29a |
Hizkuntzak | Suediera |
Ekoizlea | Sveriges Television |
Webgunea | Webgunea |
Melodifestivalen (mɛlʊˈdiːfɛstɪˌvɑːlɛn ahoskatua, literalki, melodiaren jaialdia) Suedian Sveriges Television (SVT) eta Sveriges Radio (SR) komunikazio enpresa publikoek antolatzen duten kantu jaialdi bat da. Lehiaketa honetan Eurovision kantu jaialdian Suedia ordezkatuko duen kantua erabakitzen da, eta 1959tik urtero ospatu da, 1964, 1970 eta 1976an izan ezik. 2000tik, Suediako telebista saiorik ikusiena da, eta irrati eta Internet bidez ere ematen da. 2007an, finalerdien emankizunak 3,1 milioi pertsonako audientzia izan zuen, eta finalak 4 milioi baino gehiagokoa.
Hasieratik, Melodifestivalen jaialdiaren irabazlea epaile taldeek aukeratu dute. 1999tik aurrera epaimahaiak publikoaren telebozkarekin uztartu ziren, eta orain, biek eragin bera dute azken emaitzan. Lehiaketak eragin nabarmena du Suediako musika industrian eta salmenta zerrendetan. Melodifestivalen jaialdiaren berrogeita hamazazpi garaileetatik seik Eurovision irabaztea lortu zuten Suedia ordezkatuz.
2002an finalerdiak gehitu zirenean, ordura arteko hamabi parte-hartzaileak hogeita hamabira igo ziren. Lehiaketaren haurrentzako bertsio bat, Lilla Melodifestivalen izenekoa, urte horretan hasi zen. Lehiaketan, pop generoko kantu orkestratuak aurkezten ziren tradizionalki, schlager musika bezala ezagutzen direnak; horren ondorioz, suediar prentsak jaialdiari Schlagerfestivalen (Schlager jaialdia) izenarekin erreferentzia egiten dio askotan. Alabaina, ekitaldia hedatu denetik beste musika genero ugari agertu dira, reggaea, glam rocka eta rapa kasu, eta partaide gehienak, dance-pop musikara pasa dira. Final handia Estokolmon ospatzeak hiriko turismoa handitu du.