Metropolis zientzia-fikzioko film mutua da, 1926an Fritz Langek zuzendua, Alemaniako UFA etxeak ekoitzia eta Babelsberg estudioetan grabatua. Kontakizuna etorkizuneko jendarte distopiko batean kokatzen da, hiritzar batean. Gizartearen antolamenduari buruzko gogoeta egiten da, langile klasearen eta ugazaben arteko krisis sozial bat agertuz. Gidoia Fritz Langek eta Thea von Harbou bere emazteak idatzi zuten, von Harbouren 1926ko nobela batean oinarrituta. Filma Alemaniako arte espresionistaren ikurretako bat da zinematografiaren alorrean. Inoiz egindako film muturik garestiena izan zen, 5 milioi alemaniar markoko aurrekontuarekin.
Filma Alemanian estreinatu eta gero hasierako muntaiari eszena asko kendu zitzaizkion, eta denborarekin beste eszena asko hondatu edo galdu egin ziren. Han-hemen barreiatutako kopiak elkartu eta filma berriz osatu eta zaharberritzeko lan handia egin ondoren, 2001ean estreinatu zen Berlingo Film Jaialdian Metropolisen bertsio zaharberritua, eta kopia bat UNESCOk Munduaren Oroimenaren Erregistroan gorde zuen. 2008an beste kopia bat aurkitu zuten Argentinan, ordura arte ezagutzen zen osoena baino 30 minutu luzeagoa, eta 2010ean Berlinen eta Frankfurten estreinatu zuten, zaharberritze prozesu luzearen ondoren.