Nebulosa planetario

Katu Begi nebulosa. Hubble espazio teleskopioak argi ikusgarrian eta x izpien espektroan hartutako kolore faltsuzko irudia.

Nebulosa planetarioa[1] hedatzen ari den plasma eta ionizatutako gasezko bilgarri distiratsu batek osatutako igorpen-nebulosa da, erraldoi gorriek euren bizitzaren azken uneetan jasaten duten adar asintotiko erraldoi fasean kanporatua.

Izena XVIII. mendeko bere lehen aurkitzaileek, garaiko teleskopio optikoetatik begiratuta, euren itxura planeta erraldoien antzerakoa zela uste izateagatik jaso zuen, nahiz eta ez izan planetekin zerikusirik. Arlo astronomikoari dagokionez, denbora gutxian, hamarnaka milaka urte batzuk, gertatzen den gertaera bat da, izarren bizitza milaka milioika urtekoa den bitartean.

Erraldoi gorri fasera iristen diren izarren bizitzaren amaieran, kanpo geruzak pultsaketa eta izar haize bortitzen ondorioz kanporatuak dira. Geruzak kanporatu ondoren, izarraren nukleo txiki bat mantentzen da, oso tenperatura altuan eta oso bizi distira eginez. Nukleo honek igorritako erradiazio ultramoreak izarrak kanporatutako kanpo geruzak ionizatzen ditu.

Nebulosa planetarioak oso garrantzitsuak dira astronomian, galaxien eboluzio kimikoan funtsezko papera betetzen baitute izarrarteko ingurunera metal astunak eta izarren nukleosintesiko beste produktu batzuk (karbonoa, nitrogenoa, kaltzioa eta oxigenoa) itzuliz. Urruneko galaxietan nebulosa planetarioak dira euren konposaketa kimikoari buruzko informazio erabilgarria lor daitekeen objektu bakarrak.

Hubble espazio teleskopioak hartutako irudiek nebulosa planetario askok itxura oso konplexua dutela adierazi dute. Horietatik bostetik batek baino ez dute gutxi gora-behera esferikoa den forma. Forma barietate ugari hau eragiten duen mekanismoa oraindik ez da ondo ulertzen, baina erdiko izar bitarrek, izar haizeak eta eremu magnetikoek paper garrantzitsua izan dezaketela uste da.

  1. Euskalterm: [Astronomia Hiztegia] [2021]

Nebulosa planetario

Dodaje.pl - Ogłoszenia lokalne