Nelson Aldrich Rockefeller (Bar Harbor, Maine, 1908ko uztailaren 8a - New York, 1979ko urtarrilaren 26a) estatubatuar negozio-gizon eta politikaria izan zen. Rockefeller familiako kidea, John Davidson Rockefelleren biloba izan zen. Alderdi Errepublikanoaren barruan, sektore liberal eta aurrerakoieneko kide izan zen. New York estatuko gobernadorea izan zen 1959tik 1973ra, eta Franklin Roosevelt, Harry Truman eta Dwight Eisenhower presidenteen gobernuetan parte hartu zuen. Gerald Ford presidenteak Estatu Batuetako 41. presidenteorde izendatu zuen 1974an. Arte bildumagile garrantzitsua ere izan zen.