Oinarrizko elikagaia pertsona baten dieta estandarrean anoa garrantzitsua osatzen duen eta ia egunero jaten den elikagaia da. Oinarrizko elikagaiek pertsonak behar duen energiaren zatirik handiena hornitzen dute eta, oro har, gainerako mantenugaien sarreraren ehuneko garrantzitsua ere bermatzen du. Gizarte jakin batek bere oinarrizko elikagaiak egunero, eta egunean behin baino gehiagotan, jan ditzake, eta jende asko oinarrizko elikagaien multzo txiki batez osatutako dieta batekin bizi da.[1]
Munduko eskualde bakoitzean, oinarrizko elikagairik arruntena desberdina da. Normalean, biziraupenerako eta osasun egokia izateko derrigorrezkoak diren hiru makromantenugaietako bat (karbohidratoak, proteinak eta gantzak) gutxienez hornitzen duen elikagai merkea eta eskuratzeko erraza izan ohi da. Oinarrizko elikagai ezagunenetako batzuk dira patatak eta sustraiak, zerealak, lekaleak eta beste hazi batzuk. Lehen, nekazaritza gizarteek balio handia ematen zieten, mantenugaiak emateaz gain, erraz eta denbora luzez biltegiratu ahal ziren oinarrizko elikagaiei. Hain zuzen, erraz kontserbatzen ziren elikagaiak janaria eskuratzeko modu bakarra ziren beste janaririk ez zegoenean, esaterako sasoi lehorretan edo neguan. Oinarrizko elikagai nagusiak landareetatik zein animalietatik eratorritakoak dira. Nagusienak honakoak dira: zerealak (arroza, garia, artoa, sorgoa), almidoia duten tuberkuluak edo sustraiak (patata, manioka, ñamea edo taroa), okela, arraina, arrautza, esnea eta esnekiak.[1] Lekaleak eta beste zenbait ere multzo horretan daude.[2]. Eskualdearen arabera, garrantzitsuak dira, baita ere, oliba olioa, koko olioa eta azukrea.[3][4][5]