Paul Claudel (Villeneuve-sur-Fère, Frantzia, 1868ko abuztuaren 6a - Paris, Frantzia, 1955eko otsailaren 23a) frantsesezko olerkaria eta antzerkigilea izan zen. Claudel idazlearen irudia bitxia gertatzen da Frantziako XIX-XX. mendeetako giroan. Lehen urratsetan positibismoaren eta materialismoaren ildotik abiatu zen. 1886. urteko Eguberrietan fede katolikora bihurtu zen, eta ordura arteko ibilbidea baztertu eta espiritualitatera bideratu zuen bere jarduna.