Pedagogia edo hezkuntzaren zientzia, hezkuntzaren teoria eta praktikaren jakintza da. Hezkuntza fenomeno konplexua izanik, pedagogiak ere maila eta ezagutza arlo anitz bere baitan hartzen ditu. Horrela, banakoaren zein gizartearen ikuspegitik azter daiteke eta ondorioz, psikologiaren eta soziologiaren kontzeptu, teoria eta metodoak biltzen ditu bere baitan.
Bestalde, ikuspegi teoriko eta ideologiko batetik, (filosofiaren eta politikaren bitartez) zein berehalako ikuspegi praktiko batetik azter daiteke (didaktika izeneko arloa osatuz) pedagogia, modu horretan hezkuntzarako metodo eta teknika ezberdinak garatuz. Hezkuntzaren konplexutasuna estaltzeko, beste zenbait diziplina ere jasotzen ditu, hala nola antropologia, historia eta ekonomia. Pedagogiaren helburua, hezkuntza deskribatu eta ezagutzeaz gain, hezkuntza sistema aldatu eta hobetzea da, pedagogiatik bertatik ezarritako norabideei jarraituz pertsona eta gizartea garatuz. Didaktikarekin duen harremana kontrajarria da; eredu soziologiko gehienek didaktikaren alde agertzen diren arren, eredu psikologikoek pedagogia tresna onena dela uste dute, Piaget eta beste pedagogo batzuek adierazi dutenez.
Zenbait definiziotan pedagogia haur hezibidearekin, hau da, haurrak hezteko jakintzarekin, lotzen da. Hala ere, zabalduago dago pedagogia irakaskuntza ofiziorekin lotzea, irakaskuntza zentzu zabalarekin, eta ez bakarrik haurren heziketan ematen den irakaskuntzarekin. Merriam-Webter hiztegiak, esate baterako, pedagogia "the art, science, or profession of teaching" bezala definitzen du, hau da "irakaskuntzaren arte, zientzia edo ofizioa".
Pedagogoa ikasleen prestakuntzaz, ebaluazioaz eta baliabideen kudeaketaz arduratzen den profesionala da. Hezkuntza arloko aditua. EHUko Pedagogia Graduko arduradunen arabera, pedagogoaren egitekoa "erakunde, gizarte, kultura eta lan arloetan giza eskubideen errespetuan oinarritutako hezkuntza inklusiboa, eleanitza, komunitarioa eta pertsonen bizi osoan zeharreko gizarte-ongizateari begirakoa gauzatzera zuzenduta egongo da". Haurrek, adin ezberdinetan, beren trebetasunak adierazteko modu desberdinak dituzte, eta haurren pedagogoen betebeharra da trebetasun horiek indartzen laguntzea.