Polder dikeak erabiliz lehortutako lur-eremua da, hasieran itsasoari hartutako lur-eremuak izendatzeko erabilia. Gero, bestelako edozein eremu lehortuari zabaldu zaio, hau da, zingira, padura edo ibaien bazterrak lehortutakoak hain zuzen.
Polder sorkuntza eta garapena ez da kasualitatez Herbehereetan suertatu. Holandak historian zehar aldi berean Ipar Itsasoko eta Rhin ibaiko urekin borroka latza izan du. Holanda Rhin ibaiko delta erraldoian kokatzen denez, lurraldea itsaso eta ibaiaren muga mugikorrean dago, ur-mailaren pare-parean. Horrela ba, Erromatarren garaitik dikeak eraikitzen aritu dira holandarrak, ahal den moduan daukaten lur eskasa mantentzearren, eta gaurko mendera arte etengabe dikeak zabaltzera, hobeagotzera eta mantentzera behartuak izan dira. Azken bi mendeetan, beraz, holandarrek mota bietako dikeak garatu dituzte: bata, lurraldea ureetatik defendatzeko eta mantentzeko, eta bestea lursailak irabazteko, lurralde erabilgarriaz baliatzeko. Ez da harritzekoa, beraz, dikeak eraikitzerako orduan, munduko teknikaririk onenak haiek direla pentsatzea.