Probiotikoak mikroorganismo biziak dira (bakterioak edo legamiak), hainbat elikagaitan daudenak, eta ostalariaren digestio-aparatuan eta gorputzean osasun onurak eragiten dituztenak [1]. Elikagai hartzituak (jogurta, kefirra, Sauerkrauta, gazta batzuk...) dira batik bat holako mikroorganismoak dituztenak.
Azpimarratu behar da mikrobio horiek ez direla patogenoak.
MOEak honako definizio hau ematen du: "Probiotikoak mikroorganismo biziak dira, kopuru egokietan erabilita organismo ostalariaren osasunean onurak eragiten dituztenak".
Onura horien artean hiru dira aipagarrienak: immunitate-sistemaren jarduera modulatzen dute, hesteetako flora bakteriarraren homeostasia hobetzen dute (hainbat gaitz gastrointestinalen tratamenduan onuragarriak izanik), eta Helicobacter pylori bakterio kaltegarriaren aurka eraginkorrak omen dira. Hala ere, zientzialarien artean ez dago erabateko adostasunik onura horiek guztiak onartzeko orduan.[2][3]
Gehien erabiltzen diren probiotikoak bakterio laktikoak dira (Lactobacillus generokoak), eta Bifidobacterium generoa; legamien artean, aldiz, Saccharomyces bat (Saccharomyces boulardii).