Ekologian, r/K selekzioaren teoria hautespen naturalaren ataletako bat da, organismo batek sortzen dituen kumeen kopuru eta kalitatean oinarritua. Modu orokor batean esanda, banako batek kume asko sortu eta kume horiei denbora gutxi eskaintzen badie, orduan, r estrategia darabilela esaten dugu. Beste muturreko aukera hartzen badu, kume gutxi izan eta kume bakoitzari denbora luzea ematen badu horiek zaintzen, orduan, K estrategia darabilela esaten dugu. Izena Robert MacArthur eta E. O. Wilson ekologoek eman zioten,[1] euren Uharteen biogeografia lanean.
Teoria oso ezaguna izan zen 1970 eta 1980 hamarkadetan, baina garrantzia galdu zuen 1990ko hamarkadan zehar, hainbat ikerketa enpirikoren kritika jaso zuenean[2][3]. Gaur egun teoria honen elementu nagusiak bizitzaren historiaren teorian barneratuta daude.
r/K selekzioren teorian hautespen presioak eboluzioa bi aldeetako batera eramatea aurreikusten da. r eta K terminoak aljebratik datoz, populazioen dinamikako Verhulsten ereduari jarraituz:[4]
non r den populazioaren (N) hazkuntza erratioa eta K ingurunearen jasate-ahalmena. dN/dt Nren deribatua da denborarekiko (t). Ekuazioak, beraz, momentu bateko N populazioaren tamainaren hazkuntza bi parametroren gain jartzen du.