Sagarrondo | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Ordena | Rosales |
Familia | Rosaceae |
Generoa | Malus |
Espeziea | Malus domestica Borkh., 1803
|
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | sagar, apple peel (en) , apple wood (en) , apple seed oil (en) eta apple seed (en) |
Basionimoa | Pyrus malus var. domestica |
Genomaren kokapena | plants.ensembl.org… |
Sagarrondoa (Malus domestica) sagarrak ematen dituen fruta-arbola da.
Orain dela 15.000 urte inguru sortu zela uste da, Kaukaso aldean. Europara erromatarrek ekarri zuten. Jatorri amerikarreko barietateak badaude ere, kontinente hartan kolonizatzaileen bitartez nagusiki zabaldu zen sagarrondoa. Gaur egun 1.000 barietate baino gehiago daude, espezie artean egin diren nahasteen ondorioz.
Erabileraren arabera, lau sagarrondo-mota bereizten dira: jateko sagarrak ematen dituztenak, sagardotarakoak, makatz edo basatiak (mentu-oin gisa erabiliak) eta apaingarriak. Sagarrondo kultibatuak (jateko eta sagardotarako sagarrak ematen dituztenak eta apaingarriak), oro har, txertatu egin ohi dira, eta sagarrondo-barietate desberdinak nahiz mentu-oinak hibridazioz lortzen dira.
Sagar mota bakoitzak duen itxuraren, ahogozoaren, heltzen den garaiaren, edo zabaldu zen lekuaren arabera, izen asko eta oso desberdinak hartu izan ditu euskaraz: udare edo madari-sagarra, urdin-sagarra, San Juan-sagarra, San Ignazio-sagarra, Santio-sagarra, Errezil-sagarra, Azpeiti-sagarra, ibarbi-sagarra, gazi-handia, mandaka, geza-zuria, garratxa, errege-sagarra, golden sagarra, besteak beste. Lehen ezagutzen ziren zenbait mota ez dira inon aurkitzen eta beste batzuk, berriz, desagertzeko arriskuan daude.