Tuareg | |
---|---|
Tuaregak, Aljerian | |
Biztanleak guztira | |
900.000 bat[1] | |
Biztanleria nabarmena duten eskualdeak | |
Niger Libia | |
Hizkuntza | |
Berbere hizkuntzak (Tamasheq, Tamajeq, Tamahaq), hausa, arabiera | |
Erlijioa | |
Islam | |
Zerikusia duten beste giza taldeak |
Tuareg herria[2] berbere hizkuntzaz mintzo den artzain herri nomada da, Touat (Aljeria) eta Ghudamisetik (Libia) hasi eta ipar Nigeriaraino, eta Fezzanetik (Libia) Timbukturaino (Mali) iristen dena. XX. mende bukaeran 900.000 bat tuareg ziren[1].
Tuaregek konfederazio moduko elkarteak osatzen dituzte: Ahaggar eta Azjer, iparraldean, eta Asben, Ifora, Itesen, Aulliminden eta Kel Tademaket, hegoaldean. Iparraldeko tuaregak basamortuan bizi dira; hegoaldekoak, berriz, estepan eta sabanan. Hegoaldeko tuaregek ganadua, gameluak eta zebuak hazten dituzte eta iparraldekoei saltzen dizkiete.
Europarrak iritsi aurretik, tuaregen lurraldeetatik karabana eta bidaiari asko ibili zen, baina ibilgailu motordunak azaldu zirenean, karabana bidezko bidaiak arras galdu ziren. 1970-1980 hamarkadetan Mauritania, Senegal, Nigeria, Burkina Faso eta Txaden gertatutako lehorteen ondorioz, hegoaldeko tuaregen kopurua murriztu zen eta haien artzain-bizimoduak aldatu. Gizarte-antolamendua feudala dute: hainbat gizarte-maila daude, erabat definituak, hala nola aitoren semeak, apaizak, jopuak, eskulangileak eta laborariak (lehen, esklaboak). Beren idazkera berezia dute (tifinagh), antzina libiarrek erabiltzen zutenaren antzekoa.