Ekologian, txoko ekologikoa espezie batek bere ekosistemaren baitan gainerako espezie edo populazioekiko betetzen duen leku funtzionala da.[1]
Hitz arruntetan, organismoen multzo bat nola bizi den (bere "lanbidea") adierazteko balio duen hitza da. Baliabideen eta lehiakideen banaketaren aurrean talde edo organismo batek nola erantzuten duen eta, aldi berean, talde horrek ingurua nola aldatzen duen azaltzen du txoko ekologikoak.
Txoko ekologikoa ez da kontzeptu geografikoa, funtzionala baizik eta oso lotuta dago elika-kateekin. Espezie batekin lotuta dagoen kontzeptu geografikoa habitata da eta habitat batean txoko ekologiko desberdinak egon daitezke. Funtzioari edo "lanbideari" dagokionez ekosistema baten belarjaleen artean batzuen txoko ekologikoa izango da hosto-jaleena, beste batzuena landareen izerdi-zurrupatzaileena, eta beste batena erro-jaleena.[1]
Era berean, ekosistema batean (baso batean, adibidez) espezie bakoitzak betetzen duen funtzioa desberdina da: batzuk polinizatzaileak dira, beste batzuek fotosintesia burutzen dute, sarraskijaleak eta materia organikoaren deskonposatzaileak ere badaude, etab.[1]
Eremu berean, bizi diren bi espeziek antzeko txoko ekologikoa partekatzen dutenean, haien arteko konpetentzia eratzen da eta batek bestea kanporatzen du. Jakina baita ekosistema batek oreka bilatzen duela, ez espezien arteko alferrikako borroka lehiakorra; ondorioz txoko ekologiko batean espezie bakarra dago, alferrikako konpetentzia ekiditeko.[1]
Ekosistema naturaletan espezie exotiko bat sartzeak bertako espezieen lekualdaketa eragin dezake, txoko ekologiko horretan espezieen arteko konpetentzia agertzen delako. Sarritan espezie exotikoa izurrite bihurtzen da, kalte larriak sortuz ekosisteman. Bertako landare eta animalia espezieentzat kaltegarria den espezie exotikoari espezie inbaditzaile deritzo.