William Faulkner (New Albany, Mississippi, Ameriketako Estatu Batuak, 1897ko irailaren 25a – Byhalia, Mississippi, Ameriketako Estatu Batuak, 1962ko uztailaren 6a)[1] ingelesezko idazlea izan zen, Ameriketako Estatu Batuetako eleberrigilerik ospetsuenetarikoa[2]. Halaber, 100 bat istorio labur idatzi zituen. Haren lanak bereziak dira sakontasun emozionalarengatik eta drama psikologikoengatik.
Beste idazle jakin batzuk bezala, bere garaian Ernest Hemingwayren etsai estilistiko handienetarikotzat jo zuten (Adibidez, Hemingwayren esaldi motzak Faulknerren esaldi luzeekin konparatzen zituzten). Europako idazle garrantzitsuen (Joyce, Woolf, Proust...) estiloarekin antzekotasun nabariak ditu. Faulkner famatua da, bereziki, teknika narratibo berriak zabaltzeagatik; hots, monologoa, narratzaile ezberdinak, denbora jauziak, eta abar. Bere eragin nagusia XX. mendeko bigarren erdiko Hego Amerikako idazleengan izan zen; batik bat, Gabriel García Márquezengan eta Mario Vargas Llosarengan. Hau argi eta garbi ikusten da Llosak idatziko El pez en el agua eleberrian.
1949an Literaturako Nobel Saria eskuratu zuen.