Zorba the Greek (euskaraz: Zorba Greziarra) drama filma bat da, Michael Cacoyannis greziar-zipretar zinemagileak 1964an zuzendu zuena. Nikos Kazantzakis idazleraren Alexis Zorbaren hitzak eta egintzak eleberrian oinarritua dago. Anthony Quinn, Alan Bates, Irene Papas, Lila Kedrova, Sotiris Moustakas eta Anna Kyriako izan ziren aktore nagusiak.
Zazpi Oscar saritarako izendatua izan zen, eta hiru irabazi zituen: Emakumezko bigarren aktore onenaren Oscar Saria (Lila Kedrova), Zuzendaritza artistiko onenaren Oscar Saria (Zuri-beltza) (Vassilis Fotopoulos) eta Argazkigintza onenaren Oscar Saria (Walter Lassally). Urrezko Globo sarietarako bost izendapen jaso zituen, nahiz eta bat bera ere ez irabazi.
Filmeko eszenarik ospetsuena zalantzarik gabe Zorba protagonistak (Anthony Quinn) eta Basil gazteak (Alan Bates) elkarrekin sirtakia dantzatzen duten unea da; izan ere, soinu bandan nagusi den greziar doinu horrek bikain girotzen du filma. Jatorriz zuri-beltzean filmatua izan zen, nahiz eta gerora maiz koloreztatua pantailaratu ohi den.