Alcarria[1] (gaztelaniaz: La Alcarria) Gaztelako hegoaldeko goi-ordokiaren ipar-ekialdean dagoen berezko eskualde bat da, hain zuzen ere, Espainiako Guadalajara probintziako erdigunea eta hegoaldea, Cuenca probintziako ipar-ekialdea eta Madrilgo Erkidegoaren hego-ekialdea barne hartzen dituelarik.
Camilo José Cela idazlearen La Alcarriara Bidaia (Viaje a La Alcarria) eleberriak eta bertako jatorrizko izendaoena duen eztiak ezagutzera eman dute. Bestalde, Manu Leginetxe euskal herritar kazetaria eta idazlearen bizilekua ere bazen.
Iparraldean La Sierra Norte - Sigüenza eskualdearekin muga egiten du, ekialdean Molinako Jaurerria eta Cuencako mendiekin, hegoaldean La Mancha eskualdearekin, eta mendebaldean berriz La Campiña eta Aranjuezeko eskualdeekin. Eskualdea hainbat ibaiek zeharkatzen dute, tartean Texo ibaia eta bere adarrak diren Cifuentes, Guadamajud, Guadiela, Henares, Tajuña eta garrantzi gutxiagoko beste zenbait ibaiek.
Eskualde honetako udalerri garrantzitsuenak honako haek dira: Brihuega, Cifuentes, Chinchón, Huete, Pastrana, Priego eta Sacedón. Guadalajara hiria La Campiña eta La Alcarria eskualdeen artean dago, nahiz eta La Alcarria eskualdeko hiriburutzat jo ohi den. Eskualde honetako biztanleria erri txikietan sakabanatua dago, haietako askok 200 lagun izatera ere iristen ez direlarik, ondorioz bertako biztanleri dentsitatea oso baxua da.