Estatistikan, kuantilak banaketa edo datu-multzo batean datu-kopuru bereko datu-azpimultzoak mugatzen dituzten balioak dira[1]. Adibidez, azterketa bat burutu duten ikasleen kalifikazioak jasotzen direnean, 4-koantilek banaketa osatzen duten kalifikazioak lau datu-azpimultzoetan zatitzen dute eta bakoitzean ikasleen %25 kokatzen da; 4-kuantil hiru daude, kuartil izenekoak, eta horrela, adibidez, hirugarren kuartilaren azpitik ikasleen %75ak daude.
Probabilitate banaketa baterako ere definitzen dira kuantilak. Notazio arrunt bati jarraiki, Q(p) koantila bere azpitik p probabilitatea uzten duen zorizko aldagaiaren balioa da. Era horretan, Q(0.75) 75garren pertzentila da, adibidez. Datuetarako, beraz, lagin-koantilak, Q(p) populazio-kuantilen zenbatespen moduan, izendatzen dira eta ordena-estatistikoetan oinarrituta kalkulatzen dira.
Kuantilek banaketa bateko kokagune jakingarriak zehazteaz gainera (ikasleen %80ak zein kalifikaziotik behera kokatzen diren, adibidez), hainbat estatistiko jasankor kalkulatzeko erabiltzen dira, hala nola zentro joerako neurrietan (moztutako batezbestekoak, kasu) eta sakabanatze-neurrietan (kuartil arteko ibiltartea eta dezil arteko ibiltartea, kasu).