Openmoko mundu mailan hazi den Open Source proiektua da eta horren helburu nagusia, sakeleko telefonoentzako lehenengo sistema eragile askea sortzea da. Orain arte, sistema eragile askearen ideia interneteko zerbitzarietan edota ordenagailuentzako programetan ikusi dugu batik bat, baina Linux-en eskutik datorkigun sakeleko telefono berri hau sekulako ekarpena izango da sistema eragile askearen munduan.
Mundu honetan sartuta dagoen jendearentzako aurrerapen handia da oso, [i-Phone][1]-arekin alderatzen baldin badugu batez ere; esan genezake Apple-n eskutik datorkigun i-Phone-ak ez duela inongo askatasunik eskaintzen erabiltzailearentzako. Izan ere, erabiltzaileak produktua erosten du, normalean prezio altu batean eta diseinu berritzaile batekin, eta ezin du inolaz ere aldaketarik egin produktuan. Ikuspegi teknologikotik begiratuta, azken urteetan salgai jarri den dispositiborik itxienetarikoa da i-Phone. Aldiz, Openmokoren produktu berri honek askatasuna ekarriko du. Izan ere erabiltzaile orok dauka berrikuntzak edo hobekuntzak egiteko aukera. Eta produktuak etengabe egingo du aurrera.
Openmoko izena daraman proiektu hau Linux sistema eragilean oinarrituta dago, eta Open Sourcen benetako izana edo esentzia eta punta-puntako aplikazioak bateratzen dituen proiektu bakarrenetarikoa dugu. Linux bezalako sistema eragile batek bi ezaugarri garrantzitsu ditu, alde batetik, librea izatea, hau da, lizentziarik pagatu behar ez izatea, eta bestalde, sistemak iturri kodea dakarrela.