Postmaterialista terminoak helburu konkretu batzuei garrantzia ematearen fenomenoari erreferentzia egiteko balio du, norbanakoak segurtasun materiala eskuratu ostean eta eskuratu duelako. Postmaterialismo kontzeptuak gizarte modernoetan egondako balioen aldaketa bati egiten dio erreferentzia eta Ronald F. Inglehart izan zen fenomeno hau aztertu zuen autore nagusia. Egilearen arabera, aldaketa kulturalerako tendentzia hau, segurtasun ekonomikoaren eta hazkunde ekonomikoaren ondorioa da[1]. Beraz, postmaterialismo kontzeptuak deskribatzen du garapen indibiduala eta autoestimua bezalako balioak (balio materialak beharrean) gizartean zein neurritan dauden baloratuak.
Halaber, tendentzia postmaterialistaren arabera gizartearen garapen sozioekonomikoaren eta Ongizate Estatuaren ondorioz, aldaketa intergenerazional bat gertatu da balio materialista eta postmaterialistei dagokienez. Zentzu horretan postmaterialistek ez dute segurtasun ekonomiko eta fisikoa gaizki edo era negatibo batean baloratzen, aitzitik, balioan jartzen dute, gizarte guztiak bezala, baina materialistak ez bezala lehentasuna ematen diote norbanakoaren adierazpen eta subjektibotasunei. Postmaterialismoa bi azpi-hipotesitan oinarriturik dago: sozializazioaren hipotesia eta eskasiaren hipotesia.