Volga[1] (errusieraz: Волга, tartareraz: İdel edo Sari-su, turkieraz: İdil) Europako ibairik luzeena da. Bere ibaiadarrekin, Europako Errusiaren azaleraren heren bat baino gehiago drainatzen du. Valdai muinoetan sortzen da, 228 metroko altueran, Mosku eta San Petersburgo artean, Kaspiar itsasora murgildu baino lehen, 3.690 km-ko ibilbide luze baten ondoren.[2] Ibaia ia luzera osoan zehar nabigagarria da, batez ere XX. mendearen bigarren erdian egindako hobekuntza handiei esker. Bere arro hidrografikoak 1.350.000 km2-ko azalera du eta herri mosaiko bat biltzen du. Bigarren Mundu Gerraz geroztik, Errusiako industria jardueren zati handi bat biltzen du Volgako haranak. Baita ere, paper garrantzitsu bat jokatzen du Errusiako iruditerian, eleberri, margolan eta abesti asko inspiratu izan du, besteak beste Volgako batelariak.[3]