Parodia beste sormen-lan batez iseka egiten duen beste lan satiriko bat da, jatorrizko lanaren umorezko errepikapena edo karikatura eginda.[1] Zerbaiten imitazio isekariari deritzo. Grezierazko παρώδïα hitzetik dator (παρα, para, «antzeko»; eta ώδή, ode, «kantu, oda») eta horrela antzinatean kantatu edo errezitatzeko eraz egindako imitazioak ziren. Literatura, musika zein zinemako lanen parodiak ohizkoak dira gaur egun; badira ere aldizkari parodikoak. Gizarte eta politika gertaerak ere izaten dira parodiagai.