Tabako

Zigarro bat, tabakoa kontsumitzeko modurik arruntena.

Tabakoa legezko droga bat da,[1][2][3][4][5] Nicotiana generoko zenbait espezierekin ekoitzia, berez nikotina duena, nahiz eta saltzen den tabakoari nikotina zati handi bat artifizialki gehitzen zaion.[6] Entsegu mediko ugaritan frogatu izan da mendekotasun handia sortzen duela.[7] Tabakoa modu askotan kontsumi daiteke: zigarreta, pipa, zigarroa, xurgatuta, mastekatuta eta abar, baina gehiena zigarretatan erreta kontsumitzen da. Munduan 1.100 milioi tabako kontsumitzaile daude, eta, Munduko Osasun Erakundearen arabera, gaur egun munduan heriotza saihesgarri gehien sortzen du: urtean 8 milioi pertsona hiltzen dira tabakoagatik ―barnean direlarik erretzaile izan gabe tabakoaren keagatik gertatzen diren 1,3 milioi heriotzak―, munduan urtean izaten diren heriotzen % 10 inguru.[8]

Europar Batasunean, populazioaren % 26 tabako erretzailea da (2023), eta % 29 dira 15-24 urtekoen artean. Urtero, 700.000 pertsona hiltzen dira tabakoagatik.[9]

Landarea Nicotiana generoaren parte da, Solanaceae familian. Egun, 70 espezie erabiltzen dira tabakoa egiteko, baina nagusia Nicotiana tabacum da. hala ere, herrialde askotan indar handiagoko Nicotiana rustica landarea ere erabiltzen da.

Tabakoak nikotina alkaloidea du —droga kitzikagarria da— eta tetrahidrodarmina.[10] Tabakoaren hosto lehorrak batez ere erabiltzen dira zigarreta, puru, erretzeko pipan edo xixa zaporedun tabako eran. Tabako-hauts, mastekatzeko tabako edo snus moduan ere eskaintzen da.

Arrisku faktorea da gaixotasun askotan, batez ere bihotzari, gibelari eta birikei eragiten dietenetan, eta minbiziaren sortzaile da. 2008an Munduko Osasun Erakundeak tabakoa izendatu zuen mundu osoan saihets daitezkeen heriotza-arrazoi nagusietako dat.[11]

Tabakoaren keak ―ez bakarrik erretzaileek baizik erretzaileengandik hurbil daudenek ere xurgatzen dute― osasunerako kaltegarriak diren bost osagai nagusi ditu: mundrunak, karbono monoxidoa, elementu erradioaktiboak, substantzia narritagarriak eta nikotina. Frogatuta dago tabako kontsumoak zenbait minbizi mota eragiten dituela, hala nola ahokoa, laringekoa, biriketakoa eta iraitz aparatukoa; ama erretzaileen umekien heriotza edo malformazio larriak eragiten dituela; eta gaixotasun kardiobaskularrak areagotu eta ugaltzen dituela.[12]

  1. «Tabakoa - Drogak eta adikzioak - Osasun Saila - Euskadi.eus - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus» web.archive.org 2022-12-01 (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).
  2. (Frantsesez) «Tableau de bord des indicateurs relatifs au tabac et au tabagisme en France - OFDT» web.archive.org 2022-12-30 (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).
  3. (Gaztelaniaz) España. (2023-03-08). «Portal Plan Nacional sobre Drogas - Tabaco» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).
  4. (Frantsesez) «Le tabagisme et la dépendance - Canada.ca» web.archive.org 2023-06-06 (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).
  5. (Ingelesez) National Institute on Drug Abuse (NIDA). (2023-06-06). «Cigarettes and Other Tobacco Products DrugFacts» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).
  6. (Ingelesez) «How Big Tobacco made cigarettes more addictive» web.archive.org 2023-07-01 (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).
  7. «Comprendre la dépendance - Québec sans tabac» web.archive.org 2023-05-14 (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).
  8. (Ingelesez) World Health Organization. (2023-07-31). «Tobacco» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).
  9. (Frantsesez) Commission européenne. (2023-07-11). «Le tabagisme - Vue d’ensemble» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).
  10. «Tobacco : the most dangerous drug in the world» www.biopsychiatry.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).
  11. «WHO | WHO report on the global tobacco epidemic 2008» WHO (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).
  12. (Frantsesez) «Tabagisme, conséquences sur la santé - Santé publique France» web.archive.org 2023-02-15 (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).

Tabako

Dodaje.pl - Ogłoszenia lokalne